'Danbolin' Zestoako herri aldizkariak, Jesus Egiguren PSE-EEren lehendakariari egindako elkarrizketa dakar bere azken zenbakian. ETAk su-etena iragarri zuen egunetik elkarrizketarik eman gabe zegoen Egiguren. Gaur (asteazkena) 'Urola Kostako Hitza' egunkariak argitaratu du Danbolinek egin zion elkarrizketa. Aizarnarra da izatez Egiguren eta Institutuan Azpeitian ibili zen. Elkarrizketan Azpeitiaz ere aipamenak egin ditu.
Hasiera batean, eta gainontzeko anai-arrebek bezala, 13-14 urterekin eskola utzi eta lanean hasteko asmoa zuela dio. Kasualitatez, garai hartan hasi zen Azpeitian Institutua eta aizarnarrak bertan jarraitu zuen ikasten.
Ikastearekin batera, lanean ere aritu zen batean eta bestean. Parisera eta Genevara ere joan zen lanera. Parisera joatea, eskola garaian Azpeitira joatearekin konparatu du. "Aizarnatik Azpeitira joatea bezala zen, Parisera joan eta hemengo jendearekin ibiltzen ginen. Ez ginen nahasten frantsesekin".