Xabier Euzkitzek lehengo ostegunean Noticias de Gipuzkoa-n idatzitako artikulua da behekoa.
---
Argialde!
Izaten dira betiko memorian itsatsirik geratzen diren gertakariak. 13-14 urte genituela, lapurreta sonatu bat izan zen Azpeitian, gaur Euskadiko Kutxa denean. Bi mutil gazte sartu ziren, aurpegia estalirik. Banketxeko langileei oihuka eskatu zieten behar zutena: "Dirue! Dirue!". Zer eskatuko zuten ba bestela? Beharginaren erreakzioa ere bitxia izan zen: "Etziok diruik." Arrazoi xelebre hori entzunik, lapurrek logikari erreparatu zioten: "Bankuen diruik eztaola? Ostixek!" Ondorioa begien bistakoa da, lapurrak Azkoitiarrak ziren. Hori bai, egindakoa ezin hobeto disimulatu zuten. Gau hartan bertan txanpain-botila bana eskuetan zutela ibili ziren Azkoitiko kaleetan zehar, eta hurrengo egunean motor bana erosi zuten.
Astelehen eta asteartez beste lapurreta bi izan dira Gipuzkoan, Andoainen bata, Azpeitian bestea. Azpeitikoa mundiala. Bezperako lapurrek izan zuten arrakastak animaturik-edo, herriko seme batek banketxe batean dirua ostea erabaki zuen. Itxura aldatzea lortuz gero, zein leku aproposagorik norbere herria baino? Banketxearen kokapen eta ezaugarrien berri ongi jakiteaz gain, ezkutalekua gertu. Lapurrak huts egin zuen ordea. Banketxea epaitegiaren ondo-ondoan dago. Azken boladan lanean dihardute eraikin honetan, obratan, baina ertzainak egoten dira, zelatan. Gure lapur gizarajoa banketxean bertan atxilotu zuten.
Neure burua jarri nahi izan dut horrelako lapurreta bat antolatzen, diseinatzen. Bakarrik egingo al nuke? Laguntzaile bat edo birekin hobe? Nola hurbildu inork gauza arrarorik sumatu gabe? Zein hizkuntzatan mintzatu? Nola izutu jendea? Nola antolatu ihesa? Ez, ez naiz horretarakoa, ez naiz El Solitario. Hura ez zen ez Azpeitiarra, ez Azkoitiarra.