Lehengo larunbatean Asier Olaizolak Patxi Eugiri Lehen Mailako Eskuz Banakako Pilota Txapelketako final-laurdena irabazi zionean, jende asko hasi zen Olaizola anaien arteko finalerdia irudikatzen. Horretarako, baina, Aimar Olaizolak igandean Oinatz Bengoetxeari irabazi behar zion. Euskadi Irratiko adituek Jokin Errastik eta konpainiak hori egina zegoela zioten. Ez Iñaki Elortza kazetariak. Honek zioen badaezpada ez zuela esango zein izango zen irabazlea. Zuhurtziaz jokatu zuen kazetari beteranoak. Eta atzo (igandea), Bengoetxeak pasada eman zion Aimar Olaizolari: 22-12.