Beste 1.500 lagunekin batera, Mikel Aranburu, Pako Aristi, Mikel Labaka, Alfonso Etxeberria, Jose Luis Otamendi eta Jokin Uranga azpeitiarrek Euskal Herriak Askatasuna behar du! adierazpena sinatu dute Xarlo Etxezaharreta hazpandarrak eta Haimar Irigoien errezildarrak ere bai, eta dei egin dute larunbat honetan Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketa salatzeko egingo den manifestaziora azaltzeko; Bilbon izango da, 17:30etik.
Inputatuei babesa adierazteko eta horien lana "delitu" ez dela azpimarratzeko aurkeztu zuten lehengo zapatuan Euskal Herriak Askatasuna behar du! adierazpena, Donostian.
"Dispertsioa salatzea ez da delitua, tortura salatzea ez da delitua, errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua, elkartasuna ez da delitua, preso, iheslari eta beren senitartekoak lagundu eta babestea ez da delitua", esan du Fito Rodiguez EHUko irakaleak, manifestua leitzean. "Dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua, torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua, (Espainiako eta Frantziako) estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak, presoak-eta hondoratzeko eta zatitzeko helburuarekin burutzen diren jazarpen, eraso eta eskubide urraketa horiek guztiak dira delitua...", dio adierazpenak.