Iñaki Elortzaren Getaria-Donostia hura

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko ira. 18a, 16:09

Igandean (irailak 14) izan zen Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, eta Iñaki Elortza Euskadi Irratiko azpeitiar kazetariak aurten 28. aldiz eman du estropada. Jakina, gertatu zaio pasadizorik urte hauetan denetan, Kontxan eta bestelako arraun probetan-eta. Hona hemen horietako bat, larunbatean Berria-n kontatu zuena: “Kontxa berezi asko izan dira, baina nik ez dut inoiz ahaztuko Getariatik Donostiarako zeharkaldi bat. Urte hartan, Otermin genuen zuzendaria, eta hark kristoren emankizuna antolatu nahi zuen, luxuzkoa. Garai hartako aditurik hoberenak lortu genituen, Jose Angel Lujanbio eta Altxerri aita. Ontzi bat alokatu genuen, otarraintxoak eta tortilla, txakolina, ardoa... eta Getarian, ontzira sartu bezain laster, Lujanbio, harrituta, berehala konturatu zen: Hemen joan behar al dugu? Traineruak gu baino lehenago joango dira eta!. Irteera eman orduko, gure ontzia atzean geratu zen. Motorra berehala hasi zen erre usainarekin. Traineruek ordubete egin bazuten Getariatik Donostiara, guk bi ordu. Bueno, ezer ez ikusi arren, hori ez da problema. Beste emisora bat hartu eta haiek esaten zuten guztiguztia kontatu nuen. Hori bai, estropada bukatuta elkarrizketen ordua iritsi zenean hartu zuen sekulako haserrealdia Oterminek”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide