Julian Bereziartuak, Euskal Herria amesgai

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko abe. 31a, 16:12

Argia astekariaren Larrun gehigarrian Euskal Herria amesgai jarri dute gaia eta, besteak beste, Julian Bereziartua azpeitiar medikuari eskatu diote iritzia. Hona hemen haren iritzia.

Medikuntza eta Euskal Herria

Nire herria, Euskal Herria, modu berezian ulertu eta bizitzeko aukera izan badut, dudan lanbideari esker izan da; izan ere, medikua eta kirurgian espezializatua naiz.

Pribilegiatua izan naiz, aukera izan baitut nire arraza beste herrienarekin alderatuta aztertzeko, kanpotik, gorputzari dagokionez. Izan ere, lehenik, pertsona moduan jokatu behar izan dut, eta gero, kirofanoan, bisturiarekin haien arazo fisikoak konpondu ditut.

Operazioaren ondorengo egunetan, berriz, hitzez lagundu diet.

Behin, zorigaiztoko galdera hau jaso nuen:

—Julian, modu berean operatzen al duzue gaixo partikularra eta asegurukoa? Hau da, aparte ordaintzen duena eta soldata barruan sartzen zaizuena?

Harritu egin ninduen haren eraso horrek. Eta aitortu behar dut, min handia eman zidan.

Labur erantzun nion: “Bai, noski! Ez duzu usteko, bada, tumorea erauzi edo zauria josi bitartean, lanaren truke jasoko dudan diruan pentsatzen dudanik!”.

Lagunak duda hori izateak tristatu egin ninduen.

Medikuntza ikasketetan zoriontsu izateko, nahitaez izan behar zaio leial Hipokrates-en zinari. “Etxe batera sartzen naizenero, gaixoaren mesedetan sartuko naiz”, esan zuen Hipokratesek orain dela 2.005 urte. “Isilean gordeko dut dakidana, jendeak entzunez gero gaixoarentzat lotsagarria izan badaiteke”.

Dudarik gabe, medikuntzak aurrera egin du, euskal herritarren mesedetan. Hala ere, jende asko ez da oraindik gutaz fidatzen. Munduan bizi gehien salbatu duen gizonak, penizilinaren asmatzaile Fleming-ek, hau esan zuen behin: “Sendatu, jendea sendatzen du penizilinak; baina, zoriontsu, ardoak egiten ditu”.

Osasun laguntza oso modu desberdinetan ematen duten hainbat herrialde ezagutu ditut nik, eta, denekin erabat ados ez banago ere, uste dut derrigorrezko gaixotasun asegurua dela asmatu den gauzarik onena; izan ere, poliki, baina hobetzen ari da, nik ezagutu dudan denboran (mende erdian).

Nire ustez, eta inon horrelakorik irakurri ez badut ere, medikuntzatik medikuek, erizainek eta, batez ere, gaixoek bizi beharko lukete, eta inondik ere ez atez-ate heriotzaren beldurra zabalduz aberasten direnek. Ez dakit ziur nire iritzi hori leialtasunez betetzen ote den; dena den, ez dago dudarik osasun laguntza merkeagoa litzatekeela, medikuak gaixoak etxean bisitatu besterik ez balu egingo. Merkeagoa bai, baina eskasa izango litzateke.

Euskal Herrian, harro gaude, adibidez, munduan giltzurrun-transplante gehien egiten duen zentroa edukitzeaz. Handia da hori gero!

Bide onetik goaz. Euskal profesional bikainenak ari dira mundu osoan lanean. Ona litzateke gu guztiontzat Euskal Herrira lanera bueltatzeko aukera balute! Horretarako, baina, dirua mahai gainean jarri behar da.

Beste erkidegoetatik gurera etorritako batzuk esan izan didate beren etxeetan baino maila hobea dugula osasun alorrean. Nola ez poztu, horrelakoak entzunda!

Hala ere, ezin gara bertan gozo gelditu, badugu eta zer hobetu. Lehenik eta behin, gaixoak libreki hautatu ahal izan behar luke bere medikua, bai etxeko medikua, baita espezialista ere. Ez esan posible ez denik.

Julian Bereziartua

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide