Antonio Zabala euskaltzain eta herri literaturaren batik bat, bertsoen biltzailea ostiralean hil zen Iruñean, 80 urte zituela. Tolosan jaio zen, eta hamazazpi urte zituela Loiolako jesuitetan sartu zen. Loiolan bertan eta Urduñan Humanitate ikasketak egin zituen, eta 1959an ordenatu zen apaiz, San Inazio bezperan. San Inazio egunez eman zuen meza berria, Loiolan.
Jose Mari Iriondo azpeitiar kazetari eta garai bateko bertso gai-jartzaileak adierazi duenez, 2005eko maiatzean Pello Esnalek eta biek eskari bat egin zioten Zabalari: bere artxibo handia Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utz zezala eta Auspoa bilduma osoa digitalizatzen utz ziezaiela. Zabalak baiezkoa eman zien 2005eko azaroan, eta iragan azaroan eraman zuten Xabierren zegoen altxorraren laurden halako bat Donostiara. Iriondok esan bezala, baina, lan gogorra izango da altxor hori guztia kudeatzea Zabalak zuen memoria historikoa alboan izan gabe.