Azpeitiko irakasle jeltzale haren kezka

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko mar. 11a, 10:03

Mikel Ugalde (Errenteria) Azpeitiko Institutuko irakasle ohia EAJren jarraitzailea da —hauteskunde zerrendetan irten izan du— eta martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako bozetan gertatutakoak eta orain gerta daitekeenak sortu dio kezkarik, Oarsoaldeko Hitzan idatzitako gutunean nabari daitekeenez. Honatx laburtuta:

"Hauteskundeen emaitzak jaso eta gero, hainbat galdera egiten da Jaurlaritzaren osaketari dagokionez. Hurrengo lehendakaria nor izango da? Hauteskundeak irabazi dituen alderdia kanpoan uzteko adorerik, edo kopetarik izango ote dute? Demokraziaren ikuspuntutik hau guztia onargarria al da?

Iraganak, eta ondoriozko orainak kezkarazten gaitu. Bistan da jarraitu duten bidea zein izan den. Ilegalizaziorik izan ez balitz beste era bateko legebiltzarra osatzear izango zen dagoeneko, eta lehendakaria izendatzeko aukerak bestelakoak izango ziren. Etikaren arrastorik gabeko iruzurra eginaz erabaki dira gauzak.

Badira, nola ez, zuzenean nahiz zeharka kaltetuak izan direnak: herritarrak, herritar abertzaleak eta, batez ere, hauteskundeetara aurkezterik izan ez duten alderdi eta plataformak. Herritar guztien eskubide guztiak ez dira aintzat hartzen, ez errespetatzen.

Autokritika egin beharrean gara etxetik hasita. Funtsean, giza eskubide guztiak guztientzako onuragarriak izan daitezen, zenbateraino prest gauden hausnartzeko une egokia da.

Aurrerantzean, gertatzen dena gertatzen dela, honek guztiak bere alde ona izango duen esperantza ez dut galtzen. Beharbada, lokartuak esnatzeko, etikaren eraginez politika indarberritzeko, herri sendo bat eraikitzeko, herritarron arteko elkarlana areagotzeko, baliagarri gerta dakiguke egungo egoera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide