Eganen 60 watt-eko bonbilla hura

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko mai. 14a, 14:05

Datorren urteko saninazioetan 40 urte beteko ditu Egan musika taldeak, eta Xabier Saldias beti izan da bertako partaidea. “60 watt-eko bonbilla batekin jo izan dugu. Jendeari berdin zitzaion”, zioen herenegun (asteartea) Berria-n ‘Jaietan giro’ gehigarrian. “Orain, berriz, ondo abestea garrantzitsua da, baina horrekin batera maila musikal-instrumentala, soinu ekipoa edo argitarazpena ezin dira atzean geratu. Dantzan egitea abesteari gailendu zaio”.

Eganek garai on-onak izan zituen, eta urtean 200 kontzertu baino gehiago emateko gai ziren. Gaur egun ez dauka hainbesteko agendarik, baina urtean 80 edo 90 kontzertu ematen ditu.

Saldiasen beste esan batzuk:

  • “Enpresaritza ikasten hasia nintzen, eta nire bizitzako bidea beste nonbaitetik zihoala uste nuen. Asko ginen etxean, zortzi anai-arreba, eta ezin ginen geldirik geratu. Etxean sartzen zenarekin ezin ginen kexatu, baina ez geneukan ezer sobera. Ikasketak utzi eta musikan sartu nintzen burubelarri. Lanean hasteko gogoa nuen, eta taldearena aukera ona izan zen”.
  • “39 urte daramatzat berdinean, eta hobetuen egiten dakidan gauza da. Erretiroa hartu bitartean horretan jarraituko dut. Zer bestela?”.
  • “Hasierako urteetan, eta garaiko euskal taldeen eraginez, jendeak kantatu egin nahi zuen. Abesteari ematen zitzaion garrantzia, eta taldeko abeslariak parte hori ondo baino hobeto zaindu behar zuen. Egun, ordea, abestearenak ez dauka hainbesteko garrantzirik. Beste gauza batzuk baloratzen dira. Dantzatzea, esate baterako”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide