Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen askatasunaren aldeko idatzia sinatu dute 250 lagun ezagunek, eta haietako batzuek gaur aurkeztu dute Bilbon, hotel batean. 250 haien artean dira Xabier Euzkitze ETBko komunikatzailea, Iñaki Elortza Euskadi Irratiko kazetaria eta Mikel Aranburu eta Mikel Labaka Realeko jokalariak. "Otegiri ezarri zaion kartzelaldi prebentiboa, inolako justifikaziorik gabe, luzatzen zaiolako kezka dugu". "Espainiako Erresumako Gobernuari, Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalean dagokion organura" zuzendu dira, ezker abertzaleko kidea "berehala libre uzteko" eskatuz. Espainiako Estatua haren kasuan "askatasunerako oinarrizko eskubidea urratzen" ari dela salatu dute sinatzaileek, eta nabarmendu dute Otegik "Euskal Herrian diren arazo politikoen konponbidea baliabide baketsu eta demokratikoen bitartez lortu nahi" duela. "Otegi libre uzteak eta berak egin dezakeen lanak erraztu egin ditzake eskenatoki berriaren lorpena eta indarkeria era guztien amaiera".