Ekainean jarri zuen abian Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Berria-ren babesarekin, Klikmetroak ekimena. Edozeinek metroak 'erosi' ditzake izen bereko webgunean, eta metro bakoitzeko babesleek dirua jartzen dute, urriaren 2an Azpeitian egingo den Kilometroak 2011-ren alde.
Hilabete baino gutxiago darama martxan ekimenak eta dagoeneko milatik gora metro erosi ditu jendeak. Hain zuzen ere, joan den uztailaren 7an, San Fermin egunez, iritsi zen Klikmetroak ekimena aurreneko kilometroa osatzera. Eta, Pako Aristi idazle eta kazetariari egokitu zaio milagarren metro hori egitea. Metro-egileek mezua idazteko aukera ere badute Klikmetroak.com-en. Aristirena, hau: "Hizkuntzarik onena dugu hitz egiten dena".