Patxi Zabaleta idazle, euskaltzain eta Aralarreko burua egun hauetan duela 500 urteko Nafarroaren konkistari buruzko artikuluak idazten ari da Gara-n, eta astelehenean San Inazioz idatzi zuen (artikulua ez dago sarean): Loiolako Iñigo, militar profesional izatetik Jesusen konpainiaren sortzaile izatera izan zen artikuluaren izenburua. Gogoratu zuen Nafarroaren kontra Gaztelako armadan aritu zela Loiolako Iñigo, haren taldeak "exekuzioak" egin zituela, eta 1521eko maiatzaren 20an Iruñean kainoikada batek zauritu egin zuela. "Ezin izan zuen segitu karrera militarra", zioen Zabaletak, eta ondoren ekin ziola "elizako karrerari". 1521eko gertaera hura oroitzeko Iruñean San Inazio etorbidea dagoela ere ekarri zuen gogora, Patxi Altuna zena aipatuz. "Patxi Altuna jesuitak, Irueko San Inazio etorbideko plaka ondotik pasatzean esaten zigun: 'Kainoikada hura gabe historia desberdina izango zen'. 'Zuena bai, behintzat', erantzuten genion guk".