Asier Cuevas korrikalariak 100 metroko Munduko Txapelketa jokatuko du Lohan (Qatar) datorren ostiralean, hilaren 19an. Hilabeteak daramatza lehiaketa prestatzen, eta Lanzaroten (Kanariar Irlak, Espainia) entrenatzen ari zela, "zuntz-haustura txiki bat" izan zuen pelbisaren eta berna-hezurraren arteko muskulu batean. Cuevasek Euskadi Irratiari adierazi dioenez, lesio fisikoaz gain, buruko lesioa ere izan da hori. Izan ere, "zalantzak" sortu dizkio txapelketara begira.
Hala ere, korrikalariaren hitzetan, orain arte "oso prestaketa ona" egin du, eta "forman mantentzen" da. Beraz, ez du "itxaropena galdu" lasterketari begira, eta ez du "amore" emango. Bere helburua lehen bost sailkatuen artean gelditzea bazen ere, eibartarrak azaldu du lasterketa hastean ikusiko duela zer aukera dituen, lesioa dela-eta. Asier Cuevas korrikalaria Azpeitian bizi da, eta haren elkarrizketa dakar hil honetako Uztarria aldizkariak.