Gurutz Garmendia: "Marik hainbat izen ditu: bailaran 'Amuteko dama' esaten zaio"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2015ko ots. 27a, 11:51

Urola Erdiko mitologia berreskuratzeko asmoz, Gurutz Garmendiak (Azkoitia, 1972) Urola Erdiko ipuin, kontakizun eta legenda zaharrak bildu ditu Urola aldeko kontuk eta komerixek liburuan. Belaunaldiz belaunaldi, eta ahoz aho transmititu izan diren kondairak bildu ditu, eta horiek oinarri izanda, Garmendiak berak beste hainbat ipuin asmatu ditu. Hamar kontakizunek osatzen dute liburua, eta Josu Arrieta (Azkoitia, 1961) margolariak ilustratu ditu testuak. Hiru urtetako lanaren ondoren, bihar aurkeztuko dute liburua, Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Bailarako ipuinak izanik, ordea, beste herrietan ere egingo dituzte aurkezpenak.

Kukuherriko erraldoia, Axarko azeria, lamiak… Askotariko pertsonaiak eta kontakizunak jaso dituzte liburuan. Eskualdekoak dira legenda guztiak, baina Garmendia jakitun da pertsonaien izenak aldatu egiten direla lekuz leku: "Jose Migel Barandiaranen Mitologia vasca bilduman, agertzen den damak —Mari— izen desberdinak ditu, eta bailaran, esaterako, Amuteko dama esaten zaio", esan du Garmendiak. Horren adibide, ipuinetako bat Amuteko damaren hiru opariak da. Sanson jentilarekin ere gogoratu dira: "Izarraitzen bada Sanson harri izeneko harria. Kontakizun batzuk badaude jentilak Aitza mendi inguruan bizi zirela esaten dutenak, eta ipuinetako bat horretan oinarritzen da". Horrez gain, erromatarrak sartu ziren garaiko borroken inguruko beste kontakizun bat ere jaso dute.

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide