Albizuren esanetan, "aberastasun ikaragarria dugu euskaldunok gizona lehenetsi gabe hitz egin dezakegulako familiaz". Oporretan gurasoengandik galduta, "¿dónde están tus padres?" galdetu ziotenei, "yo solo tengo un padre" erantzun zien berak. Ohikoa bihurtu den alderantzizko erabileraz ere hitz egin du azpeitiarrak, "mis aitas" edo "mis aitonas" esaten dutenez, alegia.
Albizuz gain, Alex Artzelus ere kolaborazioak egiten ari da Gureaz blai saioan. "Euskaldunak aktibatzeko irratsaioa" da Nekane Zinkunegi errezildarrak eta Ainhoa Lasak gidatzen dutena. Saioaren ataletako bat da Egin kontu: hainbat kolaboratzailek, euskara eta euskararen gainekoak hizpide hartuta, euren iritzia ematen dute bertan.