Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975) idazle eta arte kritikoak Zuloa saiakera liburua aurkeztu zuen asteartean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan eta atzo, asteazkena, Berria egunkarian lan horri buruzko erreportajea egin zuten. 2012 urtean jasotako Tene Mujika Bekarekin ondu duen liburuan egungo euskal artearen eta euskal gizartearen arteko harremanak eta horien arteko interakzioen ikerketa egin du: "Badago oso zabalduta dagoen ideia bat, konstante bat dena: artea ez dela ulertzen, artearen eta gizartearen artean sekulako amildegia dagoela, artea urrun dagoela, bere baitara bilduta bizi dela, ez duela loturarik gurekin, gure bizitzarekin, gure errealitatearekin... Ideia hori beti hor dago, baina nik ez dut horrela bizi; nik Euskal Herriko artisten lanak ikusten ditudanean ez zait iruditzen errealitatetik urruti edo nik bizi izan dudanetik urruti dabiltzanik". Lotura honetan irakur daiteke Berriako erreportajea.