Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzeko 2003tik lanean ari den Ahotsak proiektuak jasoko du Abadia saria. Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen saria da Abadia, eta urtero euskararen sustapenean lan egiten duten norbanakoek nahiz eragileek jasotzen dute aitortza. Aurtengoan, Badihardugu euskara elkarteak jasoko du, hamabost urteotan egin duen artxibategi lana dela eta. Izan ere, 7.000 elkarrizketatik gora egin dituzte Euskal Herriko hizkerak nahiz ahozko ondarea jasotzeko. Ahotsak.eus webgunean daude lantaldeak egin dituen elkarrizketa guztiak, eta hainbat azpeitiarren testigantzen audioak nahiz bideoak ikus daitezke bertan. Besteak beste, 87 hizlari azpeitiarren ehunka bideo eta audio daude ikusgai eta entzungai Ahotsak.eus webgunean.