Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoko talderik onena izan da Lagun Onak abenduan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko urt. 5a, 10:00

Jokatutako lau partidetatik hiru irabazi eta bat berdindu zituen taldeak joan zen urteko azken hilabetean. Bolada txarrari buelta emateko eta sailkapenean postu batzuk gora egiteko balio izan diote emaitza horiek abendutik Aitor Zubizarreta azpeitiarrak zuzentzen duen taldeari. Gaur Gamendipen jokatuko du Gabonetako etenaren osteko aurreneko partida, 16:30ean hasita, Baskoniaren kontra.

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakeko gizonen taldeak bolada txarrari buelta emateko eta sailkapenean postu batzuk gora egiteko baliatu du abendua; izan ere, jokatutako lau partidetatik hiru irabazi eta bat berdindu zituen taldeak joan zen urteko azken hilabetean. Abenduaren 1ean Santutxuren aurka neurtu zituen indarrak Azpeitiko taldeak, eta 1-0 nagusitu zen; abenduaren 6an, Ordizia izan zuen aurkari, eta 0-4 irabazi zuen Lagun Onakek; abenduaren 15ean, 2-1 irabazi zuen Pasaiaren kontra jokatutako neurketa; eta abenduaren 22an, San Ignacioren aurkako neurketa hutsean bukatu zuten.

Lagun Onakek joan zen azaroaren 27an jakinarazi zuen Igor San Miguelek ez zuela gizonen lehen taldea zuzentzen jarraituko. Bolada txarrean zebilen Azpeitiko taldea, eta ordura arte bigarren entrenatzailea zen Aitor Zubizarreta azpeitiarrak hartu zuen taldearen gidaritza. Azaroaren hondarrean, sailkapeneko atzeko postuetan zen Lagun Onak; izan ere, jokatutako azken zazpi partidetan hiru baino ez zituen lortu taldeak. Abenduko emaitza onak tarteko, sailkapeneko hamaikagarren postuan dago Lagun Onaken gizonen talde nagusia.

Gabonetako etenaren ostean, asteburuan itzuliko dira Espainiako Hirugarren Mailako taldeak berdeguneetara, eta Lagun Onakek Basconiaren aurka neurtuko ditu indarrak gaur, 16:30ean hasita, Garmendipe futbol zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide