Realeko neskek Espainiako Kopako finala jokatuko dute larunbatean, Atletico Madrilen aurka. Partida garrantzitsu horren atarian, Maddi Torre Realeko jokalaria (Donostia, 1996) eta Juanan Larrañaga jokalari ohia (Azpeitia, 1958) elkartu ditu Berria egunkariak. Izan ere, Realak 1987. urtean irabazi zuen azken titulua, Zaragozan (Espainia), Atletico Madrilen aurka, eta Larrañaga funtsezko jokalaria zen orduan talde txuri-urdinean. Finalera begira, Larrañagak hainbat gomendio eman dizkio Torreri. Gainera, hainbat antzekotasun ikusten ditu azpeitiarrak beraiek jokatu zuten finalari eta Realak zapatuan jokatuko duen partidari: "Kasu hartan ere gehiago hitz egiten zen Atletico Madrilez gutaz baino. Jesus Gil iritsi berria zen presidente kargura. Fitxaketa handiak zituen lotuta, eta haientzat aukera ona zen sasoia ondo amaitu eta proiektu berria indarrez hasteko. Presio hori zuten. Gu apal-apal joan ginen. Isilean aritu ginen lanean, ikusmin eta presiorik gabe, eguneroko ohiko lanarekin jarraituz. Finalak prestaketa horretan irabazten dira maiz. Hurrengo sasoian berriro ere finalera iritsi ginen, irabazteko hautagai nagusiak ginen, eta galdu egin genuen".
Honako lotura honetan irakur daiteke erreportajea.