Beñat Muguruza (Irun, 1987) EHUko ikertzailea elkarrizketatu dute Zu Zeu webgunean, hura eta Garbiñe Bereziartua azpeitiarra gauzatzen ari diren hitanoari buruzko ikerketa tarteko. Besteak beste, hitanoarekin belaunaldien artean dagoen arrakala, hitanoa eta genero ikuspegia, batua nahiz euskalkiak eta Azpeitiko egoera izan ditu Muguruzak hizpide Beñat Hach Embarekek egin dion elkarrizketan. Muguruzak elkarrizketan azaldu duenez, Euskal Herriko toki gehienetan ez da existitzen hitanoa. "Hitanoa dagoen tokietan egoera on samarra izan zitekek gizonezkoen artean. Azpeitiko kasua ikertzen ari garenez, esango nikek bertan bere biziraupena bermatua duela, beste belaunaldi batez gutxienez".
Bereziartuarekin batera Azpeitian osatzen ari den ikerketarekin "gozatzen" ari dela ere esan du solasaldian: "Azpeitian entzuten dituk talde eztabaida baten hikari buruz hika, eta orduan ohartzen haiz hori beti egon dela eta batzuk ez garela enteratu". Honako lotura honetan irakur daiteke elkarrizketa osoa. Honako lotura honetan, berriz, Hitanoa Azpeitian ikerketa gai hartuta 2018ko maiatzean Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea.