Igerilarien Behobia-Donostia izenburupean, asteburuan jokatuko diren Getaria-Zarautz eta Zarautz-Getaria-Zarautz itsas zeharkaldien inguruko erreportajea osatu du Gipuzkoako Hitzak. Izarraitz igeri elkarteko bi kidek hitz egin dute artikulu horretan: Leire Zeziagak eta Pablo Etxeberriak.
Zeziagak bi probetan parte hartuko du, eta Getaria-Zarautz proban iazko denbora —41 minutu eta lau segundo— hobetzea da haren helburua. "Urte guztia entrenatzen pasatzen dut sasoiari eusteko, eta neure burua ondo ikusi nahi nuke, baina denborarekin itsutu gabe". Esperientzia handiko igerilaria da Zeziaga. 7 urterekin hasi zen igerian —45 ditu orain—, eta duela hogei bat urtetik itsas zeharkaldietan bakarrik parte hartzen du. Udan ia astero izaten du probaren bat, eta aste batzuetan baita bi ere. "Hamargarren aldiz-edo jarraian" egingo du aurten Getaria-Zarautz, gehiagotan ere parte hartu izan duen arren.
Pablo Etxeberria igerilari azpeitiarrak, ostera, etziko proban bakarrik parte hartuko du. 21 urte besterik ez dituen arren, Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo duen seigarren aldia du; aurrez, beste hirutan egin zuen haurren mailako proba. Igerilekuko denboraldia iragan igandean bukatu zuela eta "sasoi puntu onean" dagoela aitortu du Izarraitz igeri elkarteko kirolariak. Horregatik eta "etxetik gertu egiten den itsas zeharkaldirik garrantzitsuena" delako, gustuko du Getaria eta Zarautz artekoan parte hartzea. Aurten irabaztera doa, gainera. "Behin irabazi nuen haur mailan, eta bigarren geratu nintzen Getaria-Zarautzen parte hartu nuen lehen aldian". 14 urte zituen. "Ordutik barruan sartuta daukadan arantza atera nahi nuke". 34 minututik jaisten saiatuko da.
Irakurri erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.