Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak egitasmoa 30. zenbakira iritsi dela eta, bilduma horretan argitaratutako poemak ardatz dituen Munduko poesia kaia ikuskizuna eskainiko dute Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrak, Iraia Elias aktoreak eta Noemi Viana dantzariak. Datorren asteartean izango da ikuskizuna, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian (19:30), eta Otamendi poesia errezitatzeaz arduratuko da. Sarbidea gonbidapenarekin izango da, eta sarrerak Victoria Eugenia antzokiko leihatilan banatuko dituzte 17:00etatik aurrera.
Ez da Munduko poesia kaia emanaldia taularatuko duten lehen aldia; izan ere, Loraldiaren ekimenez egin zuten estreinaldia, joan zen martxoaren 23an. Emanaldiaren ekoizpena Susa argitaletxearena eta Metrokoadroka Sormen Laborategiarena dira. Poesia, antzerkia eta dantza garaikidea uztartzen ditu ikuskizunak.