Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak WikiLoves Monuments lehiaketa antolatu du, eta Euskal Herriko monumentu baten argazkia ateratzeak saria izan dezake; izan ere, Wikilarien elkarteak Euskal Herriko monumentuen irudiak jaso nahi ditu lehiaketa bidez, eta argazkirik onenaren egileak Arzak jatetxean bi lagunentzako otordua irabaz dezake. Lehiaketaren helburua da Euskal Herriko ondarea ezagutaraztea, eta horretarako ondare izendatutako eraikinen argazkiak biltzea.
Hirugarrenez antolatu dute lehiaketa, eta Wikilarien elkartekoek esan dutenez, 10.000 eraikin eedo egitura baino gehiago daude Wikipedian argazkirik gabe. Horrenbestez, herritarrek hilaren 30era bitartean igo ditzakete argazkiak Wikipediara. Han herriz herriko zerrendak osatu dituzte, tartean Azpeitikoa ere bai, eta badira oraindik argazkirik ez duten monumentuak herrian –honako lotura honetan ikus daiteke Azpeitiko zerrenda–.
Wikilarien elkarteko kideek esan dutenez, Euskal Herriko ondarea zatitua da; hau da, administrazio bakoitzak bere zerrendak ditu, eta horrenbestez, "zaila" da guztiak batzea. "Wikipedia aberasten duten boluntarioek eraikin horien zerrendak egin dituzte udalerriz udalerri, eta orain, eraikin horien argazkiak izatea da helburua".