Beste hainbat herritarren antzera, Ander Olalde ere animatu da Mintzaneten bidelagun izatera. Egun, 57 urte ditu azpeitiarrak, eta Euskadi Irratian izan zuen programaren berri. Olaldek azaldu duenez, nahiz eta euskara izan bere ama hizkuntza, euskaltegira joan behar izan zuen EGA ziurtagiria lortzeko: "Euskaltegian jaso nuen guztiagatik euskararekin zor bat nuela sentitzen nuen. Orduan, Mintzanet etorri zitzaidan burura, eta pentsatu nuen ez zegoela modu aproposagorik nire zorra kitatzeko".
Hain justu, duela hiru urte hasi zen Estrasburgon (Frantzia) bizi den mutil bati laguntzen, eta Olalde oso pozik dago. "Esan dezaket hasieratik lagunak garela, eta plazera dela hark aurrerapausoak nola ematen dituen ikustea. Zentzu horretan, ez dut lan bat bezala hartzen", esan du.
Mintzanet egitasmoak euskaldunak (bidelagunak) eta euskara ikasten ari direnak (bidelariak) Internet bidez harremanetan jarri eta horiek euskara praktikatzeko helburua du. Honako lotura honetan irakur daiteke Mintzanet.eus-en Olalderekin hitz eginda osatu duten albistea.