Ro taldeak Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdian parte hartuko du

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2020ko urt. 9a, 10:29

Donostiako XIII. Musika Dokumentalen Jaialdian parte hartuko du Azpeitiko eta Azkoitiko musikariek osatutako Ro taldeak. Zapatuan, urtarrilak 11, Umbral filmaren emanaldian lan horren musika banda zuzenean joko dute Ro taldeak eta Sara Zozayak. 25 minutukoa da Arnau Padillak ekoiztutako Umbral filma, eta 17:00etan emango dute musika eta irudia uztartuko dituen saioa Tabakalerako zinema aretoan. Hala irakur daiteke jaialdiaren webgunean: "Ez film emanaldia, ez kontzertua. Ro eta Sara Zozaya taldeek emanaldi berezia aurkeztuko dute Arnau Padillarekin zinemagilearekin batera".

2018an sortu zuten Ro musika taldea Azkoitiko Matadeixen. Ordutik hainbat lan kaleratu dute, baita hainbat kontzertu eskaini ere. Iker Amenabar –baxua– azpeitiarrak eta Gorka Alcalde -gitarra-, Josu Usobiaga –bateria–, Iñigo Gonzalez –gitarra– eta Mikel Iraeta –sintetizatzailea/teklatua– azkoitiarrek osatzen dute Ro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide