Bi urte eta erdiren ostean, Realarekin jokatu du Jon Guridik

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2020ko urr. 26a, 12:53

Jon Guridi atzoko partidan. (Reala)

Lesio bat tarteko, bi urte eta erdi Realarekin jokatu gabe zegoen azpeitiarra. Huescaren aurkako partidan, atzo, hasierako hamaikakoan zelairatu zen, eta oso partida ona gauzatu zuen. Talde txuri-urdinarekin berdegunera itzuli zela eta, gustura agertu zen Guridi partida amaitzean.

Bi urte eta erdi baino gehiago igaro ostean, atzo itzuli zen Realarekin berdegunera Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolaria. Huescaren aurkako norgehiagokan, hasierako hamaikakoan zelairatu zen euskarri azpeitiarra, eta lan oso ona gauzatu zuen.

Hamalau zenbakiarekin, Merino ordezkatu zuen azpeitiarrak atzokoan. Lan oso txukuna egin zuen; are gehiago, berak eragin zuen 1 eta 0ekoa ekarri zuen Realaren aldeko penaltia. 63. minutuan utzi zuen zelaia Imanol Alguacil entrenatzailearen erabakiz, eta Merinok ordezkatu zuen azpeitiarra berdegunean.

Partida amaitzean "oso gustura" agertu zen Guridi, denboraldiko lehen minutuak jokatuta: "Denbora asko itxaron behar izan dut, baina oso gustura nago Realarekin minutuak izateagatik". Izan ere, azpeitiarrak bi urtetik gora eman ditu talde txuri-urdinarekin jokatu gabe, lesio bat tarteko.

Guridik 2017ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian. Reala B taldeko jokalaria zen Guridi orduan, eta lehen taldeko hainbat jokalariren faltan, hari hasierako hamaikakoan tokia egin zion Eusebio Sacristan entrenatzaileak. 2018ko urtarrilean egin zuen Realaren lehen taldera jauzia azpeitiarrak, baina ordutik hona arteko ibilbidea ez da erraza izan.

Lesio larri bat tarteko, hainbat hilabetez berdeguneetatik kanpo egon zen gaztea. 2018ko martxotik urrira zelairik zapaldu gabe egon zen, eta hilabete harta Reala B taldearekin jokatzeko aukera izan zuen. Dena den, Realak utzita Mirandesera joan zen azpeitiarra denboraldi haren bigarren erdian, eta 2019-2020 sasoia ere han egin zuen. Udan itzuli zen azpeitiarra Realera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide