Espainiako zinema independentearen VIII. Blogos de Oro sariak lortzeko hautagaiak dira Miren Gorrotxategiren 33 ezkil liburuan oinarritutako Hil kanpaiak eta Xanti Rodriguezen Ospel filmak. Hil kanpaiak filma beste 46 lanekin batera izendatu dute sarietara, eta Ospel film laburra Izarra saria jasotzeko hautagaia da halako beste 36 filmekin batera. Film laburren kasuan, lan horietatik guztietatik bost hautatuko ditu epaimahaiak, eta horien artetik aterako dute irabazlearen izena. Sariak datorren astelehenean, abenduak 14, jakinaraziko ditu Blogos de Oro taldeak bere sare sozialen bitartez, 17:00etan.