Joxean Larrañaga Urko abeslaria elkarrizketatu du Amagoia Gurrutxaga kazetariak Berria egunkarirako; izan ere, hark kontzertua eskainiko du gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Elkarrizketan hainbat gairen bueltan hitz egiten du Urkok, tartean Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Anjel Otaegi nuarbetarra hil zituztenean egin zuen kantataz ere bai:
"...Behin 1976tik aurrera, politika egitea libre izan zenean —ordura arte ez bezala—, neuk nahi nituen kantak egiteari ekin nion. [Juan Paredes] Txiki eta [Anjel] Otaegi hil zituztenean, kantata bat egin nuen: Gure lagunei. Hamazazpi minutukoa da lan hori, eta Espainiako Auzitegi Goreneko epaile izan zen Joaquin Gimenezi deitu egin nion. Laguna nuen, eta hura kantatuta zerbait gerta ote zitzaidakeen jakin nahi nuen".
Eta Gurrutxagak galdera: "Argitaratu zenuen, bada".
Urkoren erantzuna: "1978an, bai. Gaur egun ezinezkoa litzateke. Atzeraka goaz, demokraziaren aitzakiarekin... Kantata hori Madrilen grabatu genuen, RTVEko abesbatzarekin. Javier Iturralde eta ni geunden, Luis Fernandez Soria teknikariarekin, eta, tarteka, Javierri itzuli egiten nion abesbatza kantatzen ari zena. Nire itzulpena entzun ahala, hark esaten zuen: "Kartzelara joango gara denok: zu, ni, teknikaria eta abesbatzakoak". Eta abesbatza, bitartean, "Aberria ala hil!" kantatzen.