Alex Txikon eta haren espedizioko kideak Himalaian dira, Manasluko (8.156) gailurra zapaltzeko ahaleginean. Lau egunez gogor lanean aritu ostean, atzo oinarrizko kanpalekura iritsi ziren, atseden hartzera. Duela denbora batetik, Azpeitian bizi da Txikon, eta espedizioan zehar, keinu bat egin nahi izan dio Azpeitiko kirol klub bati: hain zuzen ere, Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urtemugako banderarekin argazki bat atera du Himalaian. Argazki hori ikusi ostean, honako mezu hau idatzi du Lagun Onak Mendi Bazkunak sare sozialetan: "Lagun Onak MB elkartea osatzen dugun guztion partetik, besarkada bat eta animoak espedizio guztiari. Egurra Alex!".
Manaslurako igoera eguraldiak baldintzatuko die Txikoni eta haren espedizioko kideei. Bi aukera dituzte: tontorrerako gaur edo bihar egitea, edo pare bat egun itxaron, eta otsailaren 3tik aurrera egitea. Izan ere, aurreikuspenak zertxobait hobeak dira egun horietarako.