Xabier Madariaga ETB1eko Ur handitan telebista saioko aurkezleak 'Sinisten dut?' programa aurkeztu zuen joan den asteartean. Apaiz eta moja izandakoak, musulman ohiak eta Jehovaren lekuko jardundakoak izan zituzten solaskide nagusi; izan ere, saioak erlijiotik aldendu diren pertsonen adierazpenak jaso zituen.
Saioko protagonistetako bat izan zen Mirari Bereziartua azpeitiarra. Bereziartua 28 urte zituen arte aritu zen moja legez. Ikastolan lan egiteko aukera izan zuen, eta giro horretan gustura zegoela konturatuta, moja izateari uztea erabaki zuen. Erlijiora nola lotu zen eta handik nola urrundu zen kontatu du azpeitiarrak ETB1entzat Basazabal jauregian.