Joan den asteazkenean izan zen Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolari donostiarraren jaiotzaren 190. urteurrena, eta bihar hasiko da Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak urteurren horren harira antolatu duten Bilintxen menda kultur egitaraua. Maiatzeko lehen hamabostaldiaren barruan, bihar hasita, hitzaldi musikatu bat, mahai-inguru bat, hitzaldi bat eta bertso saioa egingo dituzte Donostian Bilintxen bueltan.
Bilintxen menda hizpide izan zuten atzo Biba zuek! ETB1eko saioan, eta egitasmoaz hitz egiteko gonbidatu zituzten Xabier Euzkitze eta Imanol Lazkano. Lazkanok maiatzaren 11n Gorbatatik piercingera izeneko hitzaldia emango du egitasmoaren barruan, Victoria Eugenia Club aretoan, Euzkitzek aurkeztuta.
Hizketan ez ezik, bertsotan ere jarri zituzten Euzkitze eta Lazkano atzoko telebista saioan. Bideo honetan ikusi eta entzun daiteke bi bertsolarien jarduna.