Geuretik Sortuak egitasmoaren beka jaso du Erika Olaizolak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2021ko mai. 15a, 10:13

Erika Olaizola.

Olaizolak zinema proiektu bat gauzatuko du Tafallan (Nafarroa), Amancay Gaztañaga aktore zestoarrarekin batera. Udalbiltzak egindako beka deialdian hautatu zuten bi lagunen proiektua, beste hainbatekin batera. Euskal kultura Euskal Herriko txoko ugaritara eramatea du xede proiektuak.

Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak kultur egitasmoan parte hartuko du Erika Olaizola aktore azpeitiarrak. Euskal kultura Euskal Herriko txoko ugaritara eramatea du xede proiektuak, sormen egonaldien eta egonaldi horietatik sortzen diren obren zirkuituaren bidez. Olaizolak zinema proiektu bat gauzatuko du Tafallan (Nafarroa), Amancay Gaztañaga aktore zestoarrarekin batera, baina oraindik ez dute egonaldiaren data zehaztu.

Udalbiltzak beka deialdia egin zuen urtearen hasieran, eta 73 proposamen artistiko jaso zituen; tartean, Olaizolaren eta Gaztañagarena. Epaimahaiak martxoan jakinarazi zuen zein artistak jasoko zuten beka: 26 artista aukeratu zituen –16 idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia–.

Ez da Olaizolak eta Gaztañagak zineman egingo duten lehen urratsa izango Tafallan gauzatuko dutena; izan ere, bi sortzaileek Zulo film laburra egin zuten 2016an, eta hainbat sari jaso zituen, hala nola amateru mailako film labur onenaren saria 40. Euskal Zine Bileran, euskal zuzendari onenaren saria 59. Zinebi jaialdian eta beste bi sari 11. Huhezinema jaialdian. Gainera, 2018ko Laburbira egitasmorako aukeratu zuten Zulo lana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide