Euskadi Irratiko 'Baipasa' saioan izan da Alaitz Olaizola antzerkigilea

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko mai. 20a, 09:00

Alaitz Olaizola artxiboko irudi batean.

Bere garaian Gotzon Garatek idatzitako Atsotitzak liburuan jasotako 14.000 atsotitz irakurri zituelako eta haietako batzuekin antzerki obra bat sortu zuelako gonbidatu zuten esapideak hizketagai izan zituzten saiora.

Alaitz Olaizola antzerkigile azpeitiarrak Euskadi Irratiko Baipasa saioan hitz egin zuen aurreko astean. Atsotitzak izan zituzten hizpide, Twitterreko @EtimosDirectos kontuan txiokatutako gaztelaniazko hitzen eta esapideen jatorriari buruzko liburua argitaratu berri baitu Peru Amorrortuk, eta Olaizola gonbidatu zuten saiora, bere garaian Gotzon Garatek idatzitako Atsotitzak liburuan jasotako 14.000 atsotitz irakurri zituelako. Zertarako irakurri zituen azpeitiarrak atsotitz haiek guztiak? Antzezlan bat sortzeko.

Duela hogei urte inguruko kontuez aritu zen solasean Olaizola. Izan ere, duela bi hamarkada idatzi zuen Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin. "Obran 142 atsotitz entzun zitezkeela uste dut, eta bakarra errepikatzen zen. Nahita sartu nuen, antzerkizaleren batek zein zen harrapatzen ote zuen ikusteko. Bizitza errealean anaiak diren Bonik eta Martin Alegriak esaerekin osatuta egin zuten agerraldi osoa, galde-erantzun, erantzun-galde". Gotzon Garatez ere aritu zen hizketan, hura ezagutzeko parada izan zuela eta.

Honako lotura honetan entzun daiteke Olaizolak Baipasa saioan eskaini zuen solasaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide