Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulia izan da joan den asteburuan, eta Ipar Euskal Herriko biztanleek ere izan dute botoa emateko parada. Azpeitiarekin senidetuta dagoen Lapurdiko Hazparne herrian Pirinio Atlantikoetako 4. hautesbarrutiko hautagaia aukeratu behar zuten, eta NUPES alderdi ezkertiarreko Iñaki Etxaniz (Azpeitikoa du familia) eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Ensemble alderdiko Annick Trounday igaro ziren bigarren itzulira. 4. hautesbarrutian NUPES izan da alderdi bozkatuena, baina Hazparnen Ensemble alderdiak boz gehiago lortu ditu.
Hazparnen 2.648 boto zenbatu dituzte guztira, eta 1.311 Troundayren aldekoak izan dira. Etxanizen alde, berriz, 1.100 boto jaso dira, 154 boto zuri izan dira eta baliogabeko 83. Abestentzioaren datua ere esanguratsua izan da Hazparnen, herritarren erdiak baino gehiagok (%52,12) ez baitu botorik eman.