Irantzu Idoate hazpandarrak irabazi du Eskolarteko 34. Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko eka. 21a, 09:21

Irantzu Idoate bertsolaria, txapelarekin. (Bertsoa.eus)

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bertsolariek parte hartu zuten finalean, eta Idoaterentzat izan zen aurtengo txapela. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1980ko hamarkadatik.

Eskolarteko 34. Bertsolari Txapelketako finala jokatu zuten hamabi bertsolarik larunbatean Iurretako (Bizkaia) pilotalekuan, eta Irantzu Idoate hazpandarra izan zen nagusi. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bertsolariek parte hartu zuten finalean, eta Idoaterentzat izan zen aurtengo txapela –Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantzi zion–.

200 bertsozale inguru izan ziren Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian, 11:30ean hasita jokatu zen finalean. Idoatek lortu zuen garaipena, eta bigarren sailkatu zen Maddi Agirre gasteiztarra. Lehen bi sailkatuez gain, honako hamar bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran eta June Diaz.

Honako lotura honetan ikus daiteke txapelketa irabazi berritan Idoateri Bertsoa.eus-ek egindako elkarrizketaren bideoa.

1983an, Imanol Elias alkate zela, hasi zituzten Azpeitiak eta Hazparnek senidetzeko harremanak. 1986an sinatu zuten akordioa, eta harrezkero senidetuta daude Gipuzkoako eta Lapurdiko herriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide