Hazparneko (Lapurdi) Ezkia ikastolak 50 urte bete ditu aurten, eta urtemuga borobila ospatzen hastear dira. Izan ere, datorren urteko maiatzean egingo dute mende erdiaren festa eguna, baina ordura bitartean, hilero izango dute Ezkiaren 50. urtemugaren ospakizunekin lotutako ekitaldiren bat. Urriaren 15ean izango dute lehen hitzordua, Antso Azkarra antzerkiarekin.
Irailean aurkeztu zuten ospakizunen egitaraua. Kantu eta bertso afariak, antzerkia, zinema, Olentzero, Inauteriak... Hainbat ekintza prestatu ditu urteurrenaren ospakizunak antolatzeko azken hilabeteak lanean daramatzan batzordeak; egungo zein garai bateko ikasleak, irakasleak eta gurasoak daude batzorde horretan. Horietako bi dira Maialen Elosegi eta Mikele Duhalde ikasle ohiak; 50. urtemugaren karietara elkarrizketatu ditu biak Ipar Euskal Herriko Hitzak.
Azpeitiarekin senidetuta dago Hazparne, 1986tik.