Bertsozaleek egutegian biribilduta dute abenduaren 18a; izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko dute Iruñean. Irailaren 24an izan zen lehen faseko lehen saioa Getxon (Bizkaia), eta dagoeneko zehaztu dituzte zeintzuk izango diren finalaurrekoen lehen fasean. Gipuzkoako Hitzaren aste honetako alean erreportajea ondu du Unai Zubeldia kazetariak, eta hiru bertsozalerekin hitz egin du hark; tartean, Laxaro Azkune azpeitiarrarekin.
Bertsozalea ez ezik, gai jartzen ere urte askoan ibilia da Azkune, eta German Zelaia aizarnarrarekin batera, kuadrillan joan ohi da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioetara. Larunbatetan, saio gehientsuenetan, erritual bat izaten dute Zelaiak eta Azkunek: "Saioa bukatu, Azpeitira itzuli eta Mendizabal jatetxean afaltzen dugu, saioa bera aztertuz".
Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke erreportajea, osorik.