"Azpeitian jo ahal izatea zortea da". Hala zioen atzo hil zen Pablo Milanes abeslari kubatarrak 2020an, kontzertuaren atarian –irailaren 6an eskaini zuen emanaldia– Anartz Izagirre kazetariak Urola Kostako Hitza egunkarirako egindako elkarrizketan. Emanaldi gogoangarria eskaini zuen duela bi urte pasatxo Milanesek Soreasu antzokian, aretoa jendez leporaino zela. Eta hura izan zen, hain zuzen, 40 urteren ostean Euskal Herriko herri txiki batean eskaini zuen aurreneko kontzertua.
Atzo hil zen kantaria, minbiziak jota, 79 urterekin. Milanes Madrilen bizi zen 2017az geroztik, minbiziaren kontrako tratamendua jasotzeko. Duela hamar egun ospitaleratu egin zuten, eta ondorioz, bertan behera utzi zituen hainbat kontzertu; horien artean, Iruñeko Baluarten azaroaren 13an eskaini behar zuena.