Leire Ibarguren idazle azpeitiarrak bere ibilbideko bigarren liburua kaleratu du aurten: Petare, Miren Egigurenen puskak. Miren Egiguren bidaniarraren bizitzaren puskak kontatzen dituen lana da azken hori, hark 46 urte Euskal Herritik urrun eman baititu, Venezuelan, Caracaseko auzo pobre batean. Joan zen irailean aurkeztu zuen liburua Ibargurenek, Tolosan (Gipuzkoa), eta hilaren 16an Ilaski Serrano kazetariaren galderei erantzun zien ETB1eko Artefaktua saioan. Bertan azaldu zituen liburuko protagonistaren bizitzaren xehetasunak nahiz lanaren inguruko bestelako ñabardurak.