Sansebastianak 2023

Udaletxearen txokolatezko irudia egin du Inazio Egaña gozogileak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2023ko urt. 15a, 12:31

Egaña gozogilea udaletxearen txokolatezko irudiarekin. (Utzitakoa)

Txokolate beltza, zuria eta esnezkoa erabili ditu Azpeitiko udaletxearen irudia osatzeko. Dendaren erakusleihoan jarri du artelana, eta denda sansebastianetarako eta karnabaletarako girotzeko baliatuko du irudia.

Sansebastianak gainean dira, eta herritarrak hasi dira era batera edo bestera motorrak berotzen. Horren erakusle da Inazio Egaña gozogileak egindako artelana; izan ere, Azpeitiko udaletxea txokolatez irudikatu du hark, herriak festarako duen gosearen erakusle. 

Gozogileak aitortu duenez, "aspalditik" zuen antzerako irudi bat egiteko ideia buruan, eta orain egitea erabaki du. Txokolate beltza, zuria eta esnezkoa erabili ditu irudia osatzeko. San Sebastian jaien bueltan egin du gozogile azpeitiarrak irudia, baina azaldu du irudiak karnabaletara arte iraungo duen itxaropena duela.

Hain justu, irudia eszenatoki moduan jarri du Egañak bere dendaren erakusleihoan, eta festa batetik bestera irudiaren aurreko "pertsonaiak aldatzen" joango da. Hori horrela, sansebastianetarako danbor-jotzaileak jarri ditu txokolatezko udaletxearen aurrean danborra jotzen, eta karnabaletan, jai horietarako girotuko du erakusleihoa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide