%82,48 da Ibai-eder urtegiaren betetze maila

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2023ko abu. 8a, 08:00

Ibai-Eder urtegia.

Azken bost urteetako ur gehien dago pilatuta Nuarbeko urtegian. Eguraldi ona egingo du datozen egunetan, eta Euskalmetek alerta laranja ezarri du asteazkenerako, tenperatura altuak tarteko.

Abuztuaren iritsierarekin, eguraldiak hobera egin du. Datozen egunak eguzkitsuak eta beroak izango direla iragarri dute, eta termometroek asteazkenean goia joko dutela ohartarazi; Euskalmetek alerta laranja ezarri du egun horretarako. Euskal Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez, Kantauri isurialdearen barnealdean 40 graduren bueltan izango dira asteazkenean, zenbait gradu gutxiago, dena den, Urola Kostan; hain zuzen, 30 eta 35 gradu inguru egingo dituela adierazi dute. Azpeitian, esaterako, gehienez, 35 gradu iragarri dituzte.

Eguraldiari lotuta, azken egunetan Katalunia izan da albiste. Izan ere, hango hainbat herritan ur mozketak egin eta neurri bereziak hartu dituzte lehorteari aurre egiteko. Momentuz, Euskal Herriko egoera bestelako da, eta are gehiago Gipuzkoakoa. Izan ere, urtegien betetze mailak altuak dira.

Gipuzkoako Urakek atzo emandako datuen arabera, Nuarbeko Ibai-eder urtegian, esaterako, azken bost urteetako ur gehien dago pilatuta: urtegiaren betetze maila %82,48 da –iaz sasoi honetan %81,39 zegoen beteta–. Ez da harritzekoa; izan ere, uztailean eta abuztuko lehen egunetan euri dezente egin du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide