Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak sustatutako Azokatik Mahaira saioak Azpeitiko Azoka Plazara egin du bisita hirugarren atalean. Hala, Oinatz Martinez Iturrioz kazetariak gidatuta, eraikinaren historia azaldu dute eta bertako arduradunen azalpenak jaso dituzte.
Halaber, Azoka Plazan postuak dituzten zenbait saltzailerekin eta baserritarrekin hitz egin dute erosketak egitearekin batera. Ondoren, Xabi Martinez Ordiziako Martinez jatetxeko sukaldariak prestatu ditu Azpeitian erositako tokiko produktu horiek. Izan ere, Gipuzkoako merkatuak ezagutzera emateaz harago, tokian tokiko produktuak eta ekoizle txikien lana balioan jartzea da Azokatik Mahaira saioaren helburua.