Harri-jasotzea oinarri duen Harri Herri telebista saioaren bigarren edizioa bihar estreinatuko dute ETB1en, 22:30etik aurrera. 32 harri-jasotzailek hartuko dute parte, hamasei gizonek eta hamasei emakumek, eta beste horrenbeste kapitainek gidatutako lau taldetan banatuta lehiatuko dira.
Lehen edizioan bezala, bihar hasiko den bigarren aldian ere Harri Herri-ren parte hartzaileen artean egongo da Olaia Esnaola azpeitiarra. Joseba Ostolaza buru duen taldean lehiatuko da Esnaola; 100 kiloko errektangularrarekin ariko da azpeitiarra lehiaketan, eta Goizeder Abendibar, Ane Atxutegi eta Udane Ostolaza izango dira bere taldekideak.