Azpeitiko San Martin egoitzak EITB Maratoiarekin bat egin du beste urte batez. EITBk egitasmorako aukeratu duen Hemendik At taldearen Eskutitza doinuekin bideo bat egin dute egoitzako egoiliarrek, langileek eta senideek. Egoitza barruko nahiz kanpoko egunerokoan murgilduta osatu dute egoitzakoek ikus-entzunezko lana.
Aurten, gaixotasun kardiobaskularren ikerketa sustatzeko ari dira egiten EITB Maratoia, Entzun bihotzari lelopean eta Hemendik At taldearen Eskutitza abestia lagun. Azken asteetan hainbat eta hainbat lagun ari dira maratoiarekin bat egiten; tartean, hainbat aurpegi ezagun. Etzi, ostegunez, egingo du komunikabideak Maratoiaren egun handia, nahiz eta aurrez ere dohaintzak egiteko aukera eskaintzen ari diren.