Hogei urte eta gero, Betizu taldea osatu zuten abeslariek BT 2025 izeneko kontzertu berezi bat eskaini dute gaur, Errege egunez. EITBren Primeran streaming plataformaren bidez ikusi daiteke emanaldia dagoeneko, Nerea Alias eta Joseba Olagarai Betizu saioaren aurkezle izandakoek gidatuta.
Hainbat abeslarik osatu zuten duela bi hamarkada Betizu taldea, tartean azpeitiar batek: Ainara Epelde. Hark eta beste hainbatek –Telmo Idigoras, Jon Urbieta, Elene Arandia, Zuriñe Hidalgo, Leire Merino, Karla Dudran eta Saida Rouan– parte hartu dute BT 2025 emanaldian. Gainera, Olaia Inziarte abeslaria izan da gonbidatu berezia.
Betizu taldeak 2002tik 2006era egin zuen bidea, eta urte horietan kaleratu zituen lau diskoetako abestiak entzun daitezke kontzertuan, hala nola Lokaleko leihotik edo Zein ederra zaren.