Jon Alberdi pilotaria, bertsolarien gai-jartzaile

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2025ko api. 11a, 11:46

Jon Alberdi (ezkerrean), Estitxu Eizagirre (GEPF) eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea, bertso saioaren aurkezpenean. (GEPF)

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bertso saio "berezia" antolatu du biharko Zumarragan, erakundearen mendeurreneko ospakizunen barruan, eta han ariko da azpeitiarra, Maialen Lujanbiori, Jexux Mari Irazuri, Asier Azpirozi eta Uxue Fernandezi gaiak jartzen.

Lehen mendeurrena herriz herri ospatzen jarraitzen du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Martxo bukaeran Azpeitira iritsi ziren ospakizun horiek, Emakume Pilotarien Jardunaldiekin. Bihar, berriz, Zumarragaren txanda izango da. Frontoiak utzita, bertso saio "berezia" antolatu du GEPFek Zumarragako hitzordurako, eta gai-jartzaile lanean ariko da bertan Jon Alberdi azpeitiarra.

Zelai Arizti antzokian izango da apirilaren 12ko saio hori, 17:00etan, eta Alberdi bezala, euskal pilotarekin harreman zuzena duten edo izan duten bertsolari gipuzkoarrak aukeratu dituzte bertarako: Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Asier Azpiroi eta Uxue Fernandez. Sarrera doan izango da eta, gainera, ikus-entzuleei oroigarri bana emango diete.

Atzo aurkeztu zuten biharko saioa, Zelai Ariztin bertan, eta han izan zen Alberdi anaietan zaharrena. Antolatzaileen hasierako asmoa zen Alberdi anaiak biak aritzea gai-jartzaile, baina Unaik ezingo du bihar Zumarragan izan, eta Jonek izango du ardura osoa. "Buelta batzuk eman dizkiot buruari, saioa nola prestatu pentsatzen... eta Iker Iriarteri –gai-jartzailea eta Iñaki Artola pilotariaren botileroa– esku bat botatzeko eskatu nion. Esku bat ez, bi eman dizkit hark", azaldu zuen atzo aurrelari profesional ohi azpeitiarrak. "Esperientzia polita" izango delakoan dago Alberdi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide