Azken urteetan sasoi honetan baino ur gutxiago dago Ibai-Eder urtegian

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2025ko abu. 17a, 09:32

Ibai-Eder urtegia.

Bero handiak eta euri gutxi egin du azken egunetan, eta ondorioz, Gipuzkoako urtegietan azken urteetan bolada honetan baino ur gutxiago dago. Ibai-Ederren, esaterako, edukieraren %78,39 dago beteta. Datozen egunetarako euria iragarri dute, dena den.

Euskal Herrian bero sapa izan da azken egunotako protagonista nagusia, eta Azpeitia ez da salbuespena izan. 40 gradutik gorako tenperatura izan zen herrian ostiralean, eta atzo ere bero egin zuen, nahiz eta ez bezperakoa bezain besteko itogarria.

Euri gutxi egin du, gainera, egunotan, eta hori nabari daiteke Nuarbeko Ibai-Eder urtegian. Izan ere, Gipuzkoako Urakek atzo emandako datuen arabera, urtegi horren edukieraren %78,39 dago urez beteta. Azken lau urteetako datuekin alderatuta, zenbatekorik baxuena aurtengoa da. Hain zuzen ere, iaz atzoko egunez urtegia %86,33 zegoen beteta, eta duela bi urte, berriz, 81,14.

Gipuzkoako urtegi guztietan egin du behera ur kantitateak, iazko datuekin alderatuta. Dena den, bihartik aurrera euria egingo duela iragarri dute, eta iragarpena betetzen baldin bada, berehala egingo du gora Ibai-Ederreko ur kantitateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide