Egun batzuk baino ez dira falta Korrikaren 24. edizioa Azpeitira iristeko. Dena den, joan zen ostegunean Atharratzen (Zuberoa) hasi zenetik asko izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan metro edo kilometro batzuk egin dituzten azpeitiarrak. Horietako bat izan da Olatz Garmendia.
Gaur goizean Korrikaren lekukoa eraman du moja azpeitiarrak Nafarroako lurretan, Igantzi eta Sunbilla artean. Malerreka bailarako Donamaria herriko Karmeldarren komentuan bizi da Garmendia, duela 55 urtetatik; klausuran.
Hark, korrika egin ostean Euskadi Irratiari adierazi dionez, "oso pozik" parte hartu du lehen aldiz Korrikan, eta lehen aldiz eman du lekukoa. "Kontuan izan gu klausurakoak garela, e? Ez dakit obispoa enteratuko den, nik ez diot baimenik eskatu inola ere. Neure kabuz ez nintzatekeen ausartuko, baina herriak eskatu didanez, baietz esan dut".
Euskara "asko maite" duela ere adierazi du, eta euskararen alde egiten den guztiak bere babesa izango duela gaineratu. "Guk ez baldin badugu zaintzen eta arnasten euskara, nork egingo du ba bestela? Euskara bagara, oztopo guztien gainetik zaindu behar dugu".
Ez da, baina, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroako herrietan barrena korrika egin duen azpeitiar bakarra; asteburuan, estaterako, kuadrilla nahiz familia hainbatek egin dute Korrika euskararen alde.