Enara Eizagirre: "Aisialdiak bidea ematen du hizkuntzen ikuspegitik beste logika batzuetan harremanak sortzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2026ko maiatzaren 7a

Enara Eizagirre.

Gasteizko gazteen aisialdiko jarduerak eta euskararen presentzia ikertu ditu Aztikerrek. Azterketa horri buruz Enara Eizagirre Aztikerreko ikertzaile azpeitiarrari elkarrizketa egin dio Berria egunkariko Bizigiron Maddi Iturriotz Alkorta kazetariak.

Euskararen biziberritze prozesuan sarri aipatu da hezkuntza ez-formalaren garrantzia, baita aisialdiarena ere. Aztikerrek Gasteizko haur eta gazteen aisialdiko jarduerak eta bertan erabiltzen diren hizkuntzak ikertu ditu. Enara Eizagirre (Azpeitia, 1993) ikertzaileak adierazi du aisialdia abagune egokia izan daitekeela euskaraz hitz egiteko ohitura areagotzeko eta adinkideen arteko jardueretan euskara txertatzeko. Halere, azpimarratu du "kontzientziazio eta sentsibilizazio ariketa esanguratsua" eskatzen diela bertako eragileei.

Zer galderatatik abiatu zenuten ikerketa?

Gasteizko haur eta nerabeek eskolaz kanpoko aisialdian zer jarduera egiten dituzten jakin nahi genuen, jarduera horietan zer hizkuntza erabiltzen diren eta, zehazki, euskarak zer leku duen.

Zer datu bildu dituzue hori egiteko?

Jardueren ezaugarri nagusiak bildu ditugu: non egiten diren, zer jarduera mota den... Eta, horiez gain, errealitate desberdinak identifikatzeko, gazteen datu soziodemografiko eta soziolinguistikoak ere bildu ditugu.

Zer datu base izan dituzue?

Bi datu iturri uztartu ditugu. Batetik, Gasteizko Udaleko datu basea, udalak antolatutako aisialdi jardueren eta parte hartzaileen inguruko informazioarekin. Horrekin 2016tik honako programazioaren ezaugarri nagusiak lortu ditugu. Eta, bestetik, ikastetxeen bitartez LHko eta DBHko 1.143 ikasleri inkesta bana egin diegu. Horrekin 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei eta haien aisialdiari buruzko datuak lortu ditugu.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko Berria.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide