Estatu egile diskretuari

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria

Iban Arregi eta Beatriz Zabalondo, Berria taldearen batzar batean.

Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide irakasleak honako gutun hau bidali du Gukaren erredakziora. Iban Arregi Epelderentzat esker hitzak izan ditu, Berria taldeko ordezkari kontseilari kargua utzi berritan.

Dena ukatzen dizutenean, zerutik ez direla mirakuluak etorriko jakitun, irtenbide magikorik ez dagoela eta inori itxoin gabe gauzak geuk egin behar ditugula irakaspen zaharra da eremu batzuetan. Teoria birjinatik egitasmo konkretura jauzia egitea derrigorrezkoa da, nahiz eta egunerokoan hainbat kontraesanetan erori.

Euskaragatik ari gara, eta estaturik gabe ere, ahal den neurrian eraiki behar izan dira gure hizkuntza sustatzea eta hizkuntzaren bizirautea bermatzeko tresnak. Izan ere, oztopo guztien gainetik, herritarrek abian jarri zituzten euskarari arnasa ematea eta dena zerri askara ez botatzea ahalbidetu duten proiektuak.

Amonen sukaldeetatik kaleetara sua bezala zabaldu zen euskara gure artean, munduko hotzaren aurrean gu epelduz eta denari zentzua emanez. Baina berotasun hori beste batzuentzat sute kontrolaezina da, eta itzaltzea nahi dute. Gainera, mugarik ez duen mundu honetan, ez da erraza beste hizkuntza erraldoien artean ez itotzea. Zer egingo diogu ba! Inork ez zuen esan erraza izango zenik; gu gara eta sua piztuta mantendu behar dugu, bestela gu izateari utziko diogu.

Egin ziren euskara batua, ikastolak, aldizkariak, erakundeak... euskara lau haizetara zabalduz, bere aurka jarritako muga guztien aurrean. Eta tartean proiektu xume bat, xumeena: egunkari bat euskaraz. Kazetari konprometituez gain, nola ez, gure Martxelo buru, beste ehunka laguntzailerekin, eta buru sendoekin –Zumalabe, Uria edo Larrarte–, nekez, errealitate sendo bilakatu zen egunerokoa. Ez da bide erraza izan, poetak zioen bezala betea baitago dena juizioz, legez eta trabaz. Baina itsasoko lanak hain handi direnean ere, beti agertu zaizkigu itsasargiak. Galernek, ekaitzek eta tsunamiek ere ezin izan gaituzte ondoratu, iluntasun sakonenean ere, argi izpi batek bidea argitu eta portu segurura eraman gaitu beti.

"Euskal Herriko lau ertzetara

itzuliko gara gabaz

eta hemen bildu dan indarraz

grinaz eta poz taupadaz

herri hau sortzen segi dezagun

euskaratik ta euskaraz".

Norabidea markatu diguten argi horiek izen-abizenak dituzte, eta haragiz, hezurrez eta odolez eginda daude. Asko aipatu beharko genituzke justizia pixka bat egiteko, baina, horien artean, gaurkoan, garai txarrenetan, beltzenetan, beti aldamenean eta guztion alde dena arriskatuz bidea argitzen zigunaz gogoratu nahiko nuke. 2003ko urri hotz hartan gure amen sukaldeetan egon zenaz. Epika desagertzean, herri zahar hau eraikitzeko inoiz baino konpromiso eta izerdi gehiago atera behar dela jabetuta, inoiz akatsik egin gabe eguneroko lanean beti iparra erakutsi digunaz. Inoiz baino heroikoagoa, ezinbestekoagoa, izan behar diren garaietan, hor agertzen zaizkigu estatu egileak, Esnaolak dioen bezala.

Ez zaio gustatuko, baina hitz batzuk idatzi beharra dago, gure hitzak ez daitezen guztiz airean gal. Beti apal eta umil, diskrezioz, baina ezin duk beti pasatu oharkabean, Iban. Atzera begiratu eta egindakoak adierazten du dena; hire maila, azkartasuna eta konpromisoa. Gure herrian dugun euskara maila ere ez zen zerutik etorri; gogoratzen ote gara nortzuk sortu zuten Uztarria edo Urola Kostako Hitza.

Eta zorionez, oraindik asko diagu higandik jasotzeko. Oraingoz, kontseilukideei opari gisa ematen dizueten ditxosozko grabatuarekin konformatu beharko duzue, baina gure oroimenean betiko grabatuta geratu dena zuen ekarpena da. Ziur nago gure begiek gure herriko kaleetan zuen izenak ikusiko dituztela. Izan ere, harriez gain, zuek bezalako ereduekin egiten dira herriak. Hiretzat, zuentzat, gure miresmen guztia, eta mila esker, Iban Arregi Epelde jauna. Zorretan gara betirako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide